2011/10/28

ZERTARA DATOR ETA ZER DA MARASMA SARETZEN?

  • NONDIK SORTZEN DA?
Gazte bezala aldarrikatzeko beharretik sortzen da Marasma saretzen ekimena. Gutaz hitz egiten dute, gure izaera definitzen dute eta gure ordez erabakitzen dute.
Gaztok, hitza hartu behar dugu bizi dugun errealitatea nolakoa den azaltzeko, zer aldatuko genukeen plazaratzeko, zer behar dugun hausnartzeko. Azken finean, hitza hartu behar dugu nahi duguna eta sentitzen duguna esateko. Gazteok hitza hartu behar dugu eta subjektu bilakatu behar dugu. GAZTE, GUREA DA HITZA!


  • NOLA? (banako elkarrizketa eta Facebook bidez).
Larrabetzuko gazteekin harremanetan jartzeko (beraien iritzi, ideia, arazo, asmoz… ezagutzeko) eta herriko gazteriaren izaera anitza irudikatzeko, bitarteko ezberdinak erabiltzen ari gara. Orain arte, banako elkarrizketak burutu ditugu, baina ez da lan makala izaten ari. Herri berean bizi bagara ere, ez dugu maiz zuzeneko harremanik eta horrek moteldu egiten du prozesua.
Ordutik, emarauntzen dihardugu, bakoitza bere izaerarekin, bakoitzak eman dezakeenarekin eta eman nahi duenarekin baina guztiok batera!
Horregatik, bestelako baliabide batzuk berenganatu ditugu, esaterako facebook-a.
Hurrengo egunetan, banaka egiten ari garen elkarrizketa facebook-etik bidaliko dugu eta espero dugu horrela Larrabetzuko gazteongana heltzea. Oraindik elkarrizketa egin ez baduzu eskatu, larrabetzusaretzen@gmail.com –era e-mail bat bidaliz.
Orotariko gazteok bilduko gaituen sare erraldoia osatu dezagun! Hurbildu gaitezen!
  • ZERTARAKOA?
Asmo nagusia, beraz, Larrabetzuko gazteon nahiak, beharrizanak, ilusioak, gogoak, kezkak, arazoak… ezagututa, hau da, gure herriko gazteon errealitatetik abiatuta, gustuko ez dugun hori elkarlanaren bidez eraldatzea, gure beharrizanak asetzea, esan beharrekoa aho batez aldarrikatzea…. da.



Larrabetzuko gazte, erdu marasma saretzera!

Larrabetzuko Gazteok Marasma Saretzen